Egun, EAEn ingelera irakasteko eskaria gero eta handiagoa da eta ikastetxe askok, eskari horri erantzuteko, eskura dituzten baliabideekin eta kanpoko aholkularitza edo laguntza egokirik gabe sartu dute ingelera. Hortaz, komenigarria da Hezkuntza Sailak arauzko bide bat zabaltzea eta ikastetxe guztietan epe erdira bermerik handienarekin jardun ahal izateko orientabide metodologiko egokiak ematea.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak gaian espezialistak direnen ideia eta iritzi kontrastatuetan oinarrituta ingelesa goiz sartzeari buruz ikastetxe guztiei bidali dien zirkularrean aipatu bezala, gure irakaskuntza elebidunak hirugarren hizkuntza baten ikaskuntza errazten duela baiezta daiteke, haurrak ezagutzen dituen hizkuntzen eta hizkuntza berriaren artean transferentzia positibo bat gertatzen baita.
Adierazi beharra dago adin honetan hizkuntza berri batekin esperimentatzeak beste kultura batzuk hobeto ulertzen eta errealitate desberdinetara hurbiltzen lagunduko diola haurrari. Halaber, joko eta jarduera motibatzaileen bitartez kode desberdin bat sartzea, estimulu bat izango da ezagutza-garapenerako oso onuragarriak izango diren ikasteko estrategiak garatzeko.
Hezkuntza-jarduerak ikasleengan sustatu nahi dituen gaitasun batzuk dira :
-Adin honetako ikasleentzat eskuragarriak eta esanguratsuak izango diren eta beren ideia, esperientzia, interes eta abarrei lotuta egongo diren ingelerazko ahozko testu batzuen (errimak, abestiak, ipuinak, deskribapenak, kontakizunak, aginduak, enkarguak eta abar) mezua ulertzea eta testu horien kultur balioa aintzat hartzea.
-Atzerriko hizkuntzako klasearen dinamikan sor daitezkeen ohiko hizkuntz elkarreraginetan (jasotako mezuen aurrean izandako erreakzioa edo mezuei emandako erantzuna) aktiboki parte hartzea, arauak (ahoskera, doinua, erritmoa…) edo komunikaziorako gizarte-arau batzuk (keinuak, baieztapena…) errespetatuz.
-Hizkuntz aniztasuna onartzea eta hizkuntzak eta bere erabilera desberdinak pertsonen artean komunikatzeko beharrari erantzutera zuzenduta daudela konturatzea.
Materiala Haur Hezkuntzan hiru kategoriatan sailkatu ditugu:
-Merkatuan eskuragarri dagoen berariazko materiala: ipuinak, audio- eta bideo-zintak, egutegiak, posterrak eta abar.
-Irakasle espezialistek sortutako materiala: siluetak, kartelak, txapak...
-Baliabide didaktikoak: magnetoskopioa, telebista, ordenagailua, errotulagailuak, guraizeak, kola, puzzleak, eraikuntzak eta abar.
No hay comentarios:
Publicar un comentario